XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HARRIA Jon, nire senarrari

Ni goiko hauzoa naiz, ez naiz inor, ez nau inork ere ezagutzen, eta nik ere ez dot inor ezagutzen, bat izan ezik, Patxo, beheko pisuan bizi dana.

Paralitiko geratu nintzanetik hona, ez naiz etxetik mugitu.

Orduan, Patxo hartu neban nire babesean.

Bere joan-etorri guztiak zaintzen hasi nintzan, eta laister bere ohitura guztiak ezagutu nebazan.

Silla honetan jesarrita pasatzen nebazan orduak eta orduak leiho aurrean Patxoren sartu-urteerak itxaroten nebazan artean.

Arratsalde haretan Patxo inoiz baino arinago heldu zan etxera.

Kolarreko eskilarak arineketan, saltu-saltuka igoten asmatu neban, gero, azensoraren zaratea seigarren pisutik beheraino jaisten eta behetik, barriro hirugarren pisura igoten.

Giltzak buelta bi emon ebazan etxeko atearen zerraduran, eta ateak danbada ozentsu bat Patxo sartuz gero.

Harrez gero, mila zarata entzun ziran etxe haretan, sillak eta aulkiak atzera eta aurrera, muebleak narrazean, aspiradora... armarioaren ateak, kajoiak sartu eta atara...

Eta gero, dutxako uraren zaratea baineran jausterakoan.

Azkenez Patxok diska bat jarri eban eta nire silla gizajoa eta ni lasaiturik ginan terremoto haren ondorik.

Eta barriro ere leiho ondoan jarri ginan arratsaldeko lasaitasuna gozatzen.

Zortzirak inguruan neskato rubia gazte bat ikusi neban portale aurrean geratzen, beheko portero automatikoaren zaratea entzun neban.

Neskatoak apurka-apurka igon ebazan kolarreko eskilarak, azensoraren zaratea entzun neban hirugarren pisutik behera jaisten, eta barriro behetik hirugarren pisura.

Neskatoak hirugarren pisuko A ateko tinbrea sakatu eban.

Patxoren pausoak entzun nebazan pasillotik zehar aterantza joaten.

Atea sarratu zanean, Patxok diska bat jarri eban barriro.

Harrez gero ez genduan besterik entzun.

Arratsalde haren ondorengo egunetan lasaitasuna etorri zan barriro etxe haretara.

Patxok betiko bere ohiturazko gauzak egiten ebazan, baina telefonoak zarata gehiago egiten eban.

Patxo beranduago heltzen hasi zan astegunetan ere, eta astean behin neskato gazte rubia haxe etorten jakon etxera.

Egun haretan musika eta sueteko zaratak entzuten genduzan barriro, eta gero etxea ixilik geratzen zan.

Aspalditxo batetan neskato haren joan-etorrietara ohitu ginan nire silla eta ni ere.

Egun haretan, astean ohitura zanez neskato rubia gazte ha etorri zan kaletik zehar portaleraino.

Patxoren etxean porteroaren zaratea entzun zan, baina neskatoak ez ebazan kolarreko eskilarak igon.

Bat batean Patxo entzun neban pisuko atea zabaltzen eta golpe batez sarratzen.

Azensorearen zaratea nabaritu genduan beheraino jaisten, eta Patxok eta neskato rubia harek, bata bestearen ondoan, kalea gurutzatu eben eta aurreko arbola tartean egozan aulkietariko baten jesarri ziran.

Patxoren besoak batera eta bestera, mugimendu biziz mugitzen ziran, aizeak arboletako adar okertuak mugitzen ebazan antzera, bere eskuak atzamarrak zabalik, ura galdu daben ontzi hustuak zirudien.

Arratsaldea iluntzen eta hotzitzen hasi zan apur-apurka.

Kaletik zehar ebiltzen andra-gizonak pausoa arindu eben eta arbola artetik olgetari entzundako zaratak ixildu egin ziran.

Gero, Jesus-en Bihotza-ko kanpaiek zortzirak jo eben.

Arratsalde haretan, bat batean, Galateak gorputza jiratu egin eban osoz.

Ule luzeak aize zabalean sakabanaturik, bere buruaren inguruan egaz borobil bat iruditarazi eben. Eta Polifemok ez eban harririk altxatu.

K. Zidarre.